2026-06-20
HomeEkintza PolitikoaKonponbide garaia da. Euskal preso eta iheslari politikoak herrira!

Konponbide garaia da. Euskal preso eta iheslari politikoak herrira!

EPPKk eta EIPKk egindako pausuei babesa emanez, LABek horren alde mobilizatzera eta gure herriak benetako bake eskenatokia behar eta merezi duela herri zein lantokietan aldarrikatu eta horren alde lan egitera dei egiten du.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK), abenduan gatazkaren ondorioak gainditzeko bidean, eta hau integrala izan dadin, alde guztien pairamen eta mina aitortu eta presoen etxera bueltarako formula malguak bilatzeko konpromisoa adierazi zuen. Honela, berriki hasi da bere dinamika martxan ipintzen: Estatuek legeak bete eta preso politikoak Euskal Herriratzeko zein gaixotasunak dituzten presoak askatzeko eskaerak eginez.  

Presoen afera konpontzea urjentziazoa da. Euskal Herria ez da normalkuntza politikora helduko Estatuek ehundaka preso politiko bahiturik mantentzen dituzten bitartean. Salbuespen neurri politiko eta judizialak alde batera uztearekin bat, espetxe politika ere aldatu beharra dago eta erronka nagusietako bat da presoen eta euskal herritarron kontra erabiltzen den sakabanaketa politika ankerrarekin behingoz amaitzea. 

Era berean, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak, hausnarketa egin ostean, gatazkaren konponbideari begirako iniziatibak hartzeko prest agertu da. Gatazkaren arrazoi eta ondorioei irtenbide demokratikoa emateko ordua da eta iheslariak ere, horretan subjektu garrantzitsua diren heinean, prozesua bultzatzeko urratsak egingo dituzte. 

Milaka eta milaka lagunek erbestera jo behar izan dute, gerra zikinetik, poliziaren jazarpenetik, muntai judizialetatik eta, berba baten, errepresiotik ihesi. Iheslarien buelta euren etxeetara, euren familia artera, euren inguru sozialera eta horrelakorik berriro ez gertatzea ere urjentziazkoa daukagu. Deportazioa, euroaginduen aplikazioa, jadanik preskribiturik egon beharko liratekeen kasuak… hainbat dira behingoz desagertarazi behar diren egoera bidegabeak. 

Aldebakarreko ekimenak dira hauek, Estatuen blokeo jarrerarekin apurtu eta aukera berriak hauspotu nahi dituztenak. 

Konponbide justu eta iraunkorra da euskal herritarron desioa eta Euskal Herriaren premia. Horrexeri erantzuten diote EPPKk eta EIPKk egindako pausoek. Baina konponbide hori erdiestea denon erantzukizuna da. Pausu hauen eraginkortasuna ezinezkoa izango da herriaren babes, mobilizazio eta presio barik. Bai estatuaren jokabidea zailtzeko, bai eta hemen, Euskal Herrian prozesuak aurrera egin dezan beharrezkoak diren akordioak behartzeko ere.

Gatazkaren ondorioak eta arrazoiak behingoz konpontzeko eta konponbide hori justu eta iraunkorra izan dadin, premiazkoa da konpromiso eta akordio berriak lotzea, eragile ezberdinen artean, batez ere politikoak, baina baita sindikal eta sozialen artean. Euskal Herrian bide hori nagusitu dadin, modu bakarra daukagu eta gu denon esku dago, gu geu garelako, euskal herritarrok garelako, konponbidearen bidea hartzeko erabakia behartu behar eta ahal dugunak. 

Beraz, LABek dei egiten dizue EPPKk eta EIPKk egindako pausuei babesa ematera, horren alde mobilizatzera eta gure herriak benetako bake eskenatokia behar eta merezi duela herri zein lantokietan aldarrikatu eta horren alde lan egitera.
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa...

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.